- Uztailaren 22tik 25era garatuko den partyak ekintza mordoarekin ospatuko du 30. edizioa: sormen digitala, software librea, hardwarea eta bideojokoak bezalako arloetako dozenaka jarduerez gain, Streaming atal berria estreinatuko du eduki digitalen sorkuntza sustatzeko, azken urteotan esponentzialki hazi baita sektore hori.
- Opengunean, parte-hartzaileei eta publiko orokorrari irekitako espazioan, hitzaldi eta tailer interesgarriak izango dira, egun puri-purian dauden hainbat gairen inguruan: metabertsoa, errealitate areagotua, adimen artifiziala, segurtasun informatikoa, konputazio kuantikoa edo ibilgailu elektrikoak, besteak beste.
- Euskal Encounterrek urrats berri bat eman du berdintasunaren alde egiten duen apustua ikusarazteko. Aurtengo edizioan, Emakunderekin lankidetzan aritu da eraso sexistak ekiditeko protokoloa osatzeko, festa-giroa ahalik eta inklusiboena eta guztientzat errespetuzkoa izan dadin.
- Euskaltel Fundazioak antolatzen du Euskal Encounter, Eusko Jaurlaritzaren (SPRIren bidez), Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Euskaltelen babesarekin. Telekomunikazioen euskal konpainiak eskaintzen du parte-hartzaileentzako internet-konexio bizkorra, segundoko 60Gb-ekoa.
Euskal Encounter hitzordu teknologiko handiak bere 30. edizioa ospatuko du uztailaren 22 eta 25 artean 300 jarduera baino gehiagorekin. Parte-hartzaileek ikasteko eta ondo pasatzeko aukera izango dute aurrez aurreko topaketan; izan ere, murrizketarik gabeko formatu presentzialera itzuliko da bilkura. Hala, teknologiak, berrikuntzak eta ekintzailetzak bat egingo dute BECen, Sabino San Vicentek, ekimenaren antolakuntzaz arduratzen den Euskaltel Fundazioko zuzendariak, ziurtatu duenez.
Pandemiak behartutako murrizketen ondoren, jatorrizko formatura bueltatuko da Euskal Encounter, eta milaka teknologia zale bilduko ditu Barakaldon. Horrela, lanpartyaren 34.000 metro koadroak ezagutza trukerako eta etorkizuneko proiektuak sortzeko topagune egokia izango dira, San Vicenteren hitzetan.
Gaur Azkuna Zentroan eskainitako prentsaurrekoan, Euskalteleko presidente Xabier Iturbek adierazi du telekomunikazioen euskal konpainia pozik dagoela ekitaldia formatu handian berriro antolatu ahal izateagatik. Gainera, parte-hartzaileek segundoko 60 gigabiteko abiaduran nabigatu ahal izango dute Euskalteli esker. Bizkaiko Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (SPRIren bitartez) dira ekimenaren babesleak Euskaltelekin batera. Era berean, Iturbek makroekitaldi honi eusten dion talde teknikoaren lana eta ahalegina goraipatu ditu, eta Euskaltelek Euskadiren garapen teknologikoa babesteko duen konpromisoa azpimarratu du.
Bestalde, Leyre Madariagak, SPRI Taldeko Eraldaketa Digitalaren eta Ekintzailetzaren zuzendariak, Opengunearen prestakuntza-eskaintza nabarmendu du. Bertan hitzaldi eta tailer interesgarriak izango dira, egun puri-purian dauden hainbat gairen inguruan: metabertsoa, errealitate areagotua, adimen artifiziala, segurtasun informatikoa, konputazio kuantikoa edo ibilgailu elektrikoak, besteak beste.
Euskal Encounterrek 3000 ordenagailu baino gehiago hartuko ditu eta ekintza eskaintza zabala eskainiko du sormen digitalaren, software librearen, hardwarearen eta bideojokoen inguruan. Aurten, gainera, atal berria estreinatuko da, Streaming izenekoa, eduki digitalen sorkuntza sustatzeko, azken urteotan esponentzialki hazi baita sektore hori. Zenbait eduki-sortzaile ezagutu ahal izango dituzte parte-hartzaileek, eta lehiatzeko aukera ere izango dute: kirol elektronikoen esatari lehiaketa, alertak eta overlayak diseinatzeko lehiaketa eta klip biralak sortzeko lehiaketa egingo dira estreinakoz. Horrez gain, EncounterTV saioak egunero egingo du hitzordu teknologikoaren jarraipena, baita gaurkotasuneko elkarrizketak eta emanaldiak eskaini ere.
Bestalde, Euskal Encounterrek urrats berri bat eman du bere konpromiso nagusietako bi ikusarazteko: berdintasuna eta jasangarritasuna. Indarkeria matxista ekiditeko helburuarekin, jarduera-protokolo bat sortu du Emakunderekin lankidetzan, festa-giroa ahalik eta inklusiboena eta guztientzat errespetuzkoa izan dadin. Horrela, parte-hartzaileek edozein motatako eraso sexistaren berri eman ahal izango dute, baita jarrera homofobo edo arrazistak salatu ere, horretarako sortutako Puntu Morean, gune birtualean nahiz fisikoan.
Jasangarritasunaren aldeko apustuari dagokionez, Ihoberen Erronka Garbiaren zigilupean, ahalik eta ingurumen-inpaktu txikiena eragiteko protokolo bat aplikatuko du Euskal Encounterrek.
Halaber, Sabino San Vicentek eskerrak eman dizkie partyaren antolaketa-taldea osatzen duten boluntario guztiei. Beren konpromiso eta ahaleginari esker, hitzordu teknologikoa mantendu eta indartu ahal izan baita urtez urte.