- Lanpartyak eskaintzen dituen 300 jarduera baino gehiagoren artean nabarmentzekoak dira prestakuntza-saioak. Dozenaka hitzaldi eta tailer gauzatzen ari dira gai anitzen inguruan: zibersegurtasuna, programazioa, adimen artifiziala edo ibilgailu elektrikoak, besteak beste.
- Gaur goizean, Europar Batzordeko teknologia-aholkulari Jorge R. López Benitok iragarri du 3 edo 5 urteren buruan avatarren erabilera orokortua egongo dela, eta aukera emango digutela etorkizuneko 3D Internetaren abantaila berriez gozatzeko, hezkuntza edo industria bezalako arloetan.
- Bestalde, Mikel García de Andoin UPV/EHUko Kimika Fisikoaren saileko kide eta Tecnaliako ikertzaileak nabarmendu du gero eta enpresa gehiago ari direla aztertzen konputazio kuantikoak zabaltzen dituen aukerak, eta ikerketa eta industria sektoreen arteko lankidetza gomendatu du teknologia hori bultzatzeko. Jakitera eman duenez, 5-10 urte barru lehen ordenagailu kuantiko “erabilgarria” eduki ahal izango dugu, baina urteak, hamarkadak edo mendeak falta dira eguneroko bizitzan erabili ohi ditugun makinak ordezkatzeko.
- Euskaltel Fundazioak antolatzen du Euskal Encounter, Eusko Jaurlaritzaren (SPRIren bidez), Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Euskaltelen babesarekin. Telekomunikazioen euskal konpainiak eskaintzen du parte-hartzaileentzako internet-konexio bizkorra, segundoko 60Gb-ekoa.
Euskal Encounter topaketa teknologikoan elkartutako adituek puri-purian dauden gaiak jorratu dituzte gaur; hala nola errealitate areagotuaren etorkizuna eta aukerak, avatarren eta metabertsoaren erabilera, eta konputazio kuantikoaren erronkak. Hizlariek jakitera eman dutenez, teknologia horiek goitik behera eraldatuko dute gure gizartea datozen 5-10 urteetan. BECeko hitzorduan gauzatzen ari diren hitzaldi eta tailerrak interes handia pizten ari dira, gai interesgarri ugari ekarri baitituzten aurtengo adituek, arlo anitzen inguruan: zibersegurtasuna, programazioa, adimen artifiziala edo ibilgailu elektrikoak, besteak beste.
Europar Batzordeko teknologia-aholkulari eta CreativiTIC enpresako kide Jorge R. López Benitok errealitate areagotuaren eta errealitate birtualaren aplikazioak azaldu ditu hainbat sektoretan, hala nola osasunean, hezkuntzan edo industrian. Bestalde, aditzera eman du dagoeneko enpresa teknologiko asko ari direla beren metabertsoak sortzeko lanean, eta jakinarazi du avatarrak orokortu egingo direla 3 edo 5 urteren buruan eta horietako batzuk erabiltzaileen itxuraren kopia oso errealistak izango direla. Avatar horiek emango digute, hain zuzen, etorkizuneko 3D internetean, hots, metabertsoan, presentzia izateko aukera. Bere ustez, avatar horiek “unibertsalak” izan beharko dute, eta erabiltzen ditugun plataformekin bateragarriak; horrela, avatarra erabili ahal izango dugu erosi nahi dugun arropa nola geratuko zaigun jakiteko, eta ikus-entzunezkoak sortu ahal izango ditugu gure aurpegia jarri beharrean avatarra protagonista izanik.
Teknologia berri honek duen beste erronketako bat da nortasun digitala erraz egiaztatzeko sistema garatzea, gainerako pertsona/avatarrekin segurtasunez eta pribatutasuna gordetzeko bermearekin jarduteko.
Bestalde, Mikel García de Andoin UPV/EHUko Kimika Fisikoaren saileko kideak eta Tecnaliako ikertzaileak nabarmendu du gero eta enpresa gehiago ari direla aztertzen konputazio kuantikoak zabaltzen dituen aukerak, eta ikerketa eta industria sektoreen arteko lankidetza gomendatu du teknologia hori bultzatzeko. Jakitera eman duenez, 5-10 urte barru eduki ahal izango dugu lehen ordenagailu kuantiko “erabilgarria”, baina urteak, hamarkadak edo mendeak falta dira eguneroko bizitzan erabili ohi ditugun makinak ordezkatzeko.
Hitzaldi oso didaktiko batean, konputazio kuantikoak eskaintzen dituen abantailak aipatu ditu, ohiko sistemak baino ekintza konplexuagoak egiteko aukera emango baitu askoz ere denbora laburragoan. Bere sekretua kubitak edo bit kuantikoak dira; izan ere, bit klasikoek balio bitar bakarra adierazten duten bitartean (0 edo 1), kubit batek bi balioak aldi berean adieraz ditzake mekanika kuantikoaren legeei esker, eta horrek esponentzialki areagotzen ditu makina horien gaitasunak.
Konputazio kuantikoaren etorkizuneko aplikazioen zain dauden sektoreen artean, osasungintza, automobilgintza eta finantzarioa nabarmentzen dira; eta teknologia kuantikoen ekosistema ere arlo horretako gero eta aditu gehiago eskatzen ari da.
Bideojokoen lehiaketak
Euskal Encounterren hogeita hamargarren edizio honetan garatzen ari diren jardueren artean, dozenaka bideojoko lehiaketa jokatzen ari dira. Garrantzitsuenen artean, atzo, ostirala, Street Fighter V txapelketako finala izan zen. 2000 euro banatu ziren saritan eta VegaPatch izan zen irabazle. Gaur, Quakeko torneoaren txanda izango da: nazioarteko lehen mailako 8 jokalari elkarren aurka arituko dira, eta oraingoan ere 2000 euro izango dira jokoan.
Euskaltel Fundazioak antolatzen du Euskal Encounter, Eusko Jaurlaritzaren (SPRIren bidez), Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Euskaltelen babesarekin. Telekomunikazioen euskal konpainiak eskaintzen du parte-hartzaileentzako internet-konexio bizkorra, segundoko 60Gb-ekoa.